XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina guk ezagutu dugun komunikabiderik zaharrenetakoa kanpaia dugu.

Artean etxean eta eskumuturrean erlojurik ez zenean kanpaiaren bidez jakiten genituen orduak, eta kanpaiaren arabera antolatzen genituen lanak, jatorduak eta lo aldiak.

Kanpaiak adierazten zituen jaiak eta igandeak.

Herrian norbait hil zela hil-kanpaiaren bidez jakiten genuen.

Su-kanpaiaren hotsak jartzen zituen jendearen belarriak erne bonberorik ez zen garai hartan.

Berri onen eta txarren zabaltzaile izan dugu urtetan, gaur zaratez nekaturik eta gaixoturik garen garai honetan gogaikarri bilakatu bazaigu ere.

Eliza, eliz-ataria, alberga, erromeria eta abar ere komunikabide izan dira nonnahi eta Euskal Herrian batipat.

Leku hoietan bildu eta zabaldu izan dira hango eta hemengo kontuak: egiak batzutan, gezurrak askotan, zurrumurruak gehienetan.

Meza ondoan eta azoka garaian kantatu eta zabaldu ohi zituzten, bertsolariak ere, beren bertso-paperak.

Herriaren eritziak eta sentipenak jasotzen eta hotsegiten iaioa dugu bertsolaria.

Bertso-paperetan kantatu izan dira gerratetako gertaerak, gorabeherak, ezkontza galtzeak, gizon-hiltzeak, ezbeharrak eta zorion aldiak.

Egiazko komunikabide izan da eta da gaur ere bertsolaria.

Kazetaritza

Baina idatzizko komunikabideetan lan egiten dudanez, gai honetara bildu eta mugatu nahi nuke neure lantxoa.

Gizonaren oroimenak gogoan ez dituen aitzinako denbora haietan, Txinak ba omen zituen egunkariak Voltairek dioenez.

Eguneroko gertaerak eta pasaizoak idazten zituzten Babiloniako historilariak dira, Flavio Josefo juduaren ustez, lehen kazetariak.

Demostenesek dioenez, herriko plazan bildu ohi ziren grekoak berri bila: agora hura litzateke kazetaritzaren sehaska Samuel Jonshon-en eritziz.

Le Clerc-en ustez, berriz, Zesarren Erroman aurkituko genuke kazetaritzaren sorrera.

Dena den, korreo, eskritura, sal-erosketa, gutunak, eskuizkribuak, telegrafos eta abar ditugu kazetaritzaren atari.

Hoiek ditugu lehen urrats.